Lehendakariaren Agurra
Nafarroako Parlamentuko lehendakaria naizen aldetik, ongietorria eman nahi dizuet gure webgunera.

Teknologia berriek foru erkidegoko herritarrengandik hurbilago egoteko aukera eskaintzen digute, eta horren isla da Nafarroako Parlamentuaren webgunea.
Garrantzi bereziko tresna da, horrenbestez; izan ere, aukera ematen du eskaintza politiko eta programatiko ezberdinen bidez denok ordezkatzen gaituen erakunde honen ateak irekitzeko eta, horrela, interesa duten guztiei parlamentu-lanen berri emateko: zer lege onesten ditugun parlamentariok, zer ekimen aurkezten dituzten parlamentu-taldeek, zer erabaki hartzen diren.
Parlamentuan egiten dugun oro webgune honetan dago, eta legebiltzar honetako kideak hautatu dituztenei dagokie horren guztiaren jabetza. Parlamentua da, hain zuzen ere, legeak egiten dituena, administrazioaren eginkizunak eta nafar guztientzako zerbitzuak ahalbidetzen dituzten aurrekontuak onesten dituena eta, Nafarroako herriaren izenean, Nafarroako Gobernuaren jarduera kontrolatzen duena.
Legebiltzar batek berezkoak ditu balio demokratikoak eta ordezkaritzaren ideia, eta, horiekin batera, gardentasuna, gune informatiko honen ezaugarri ere badena. Gune hau, hain zuzen, zabaltzen jarraitzeko asmoa dugu VII. legegintzaldian zehar, zeinetan lehendakari izateko ohorea izanen baitut. Helburu hori lortzeko ahaleginean erabiltzaileen laguntza, hau da, Nafarroako herriarena, ekarpen handia izanen delakoan nago.
Legegintzaldi honetan izandako berrikuntzetako bat da parlamentarien jarduera profesionalizatzea. Lan parlamentarioarentzat lagungarria gerta daiteke, halaber, herritarren informazio eta partaidetzarako topagune honek eskaintzen duen zerbitzua. Ordezkari politikoek eginiko lanaren eta, era berean, denon laguntza eta lankidetzaren bitartez, aukera daukagu Nafarroako Parlamentuak ematen duen zerbitzua hobetzen laguntzeko; horrela, urratsak egin ahal izanen ditugu Nafarroan bizikidetasun-giroan bizitzearen proiektu zoragarria asmotan daukagun guztion bizi-kalitatea hobetzeko eta aurrerabidea areagotzeko.
Elena Torres Miranda
Nafarroako Parlamentuko lehendakaria