inicio

Parlamentuaren organoak

Osoko Bilkura

Berrogeita hamar parlamentariak biltzen ditu Osoko Bilkurak; beraz, erakundearen ordezkaritza gorena da. 

 

 

Osoko Bilkurari dagokio foru legeak onestea, bai batzordeek irizpena eman ondoren, bai zuzenean aztertuta. Nafarroako Gobernuak Estatuarekin eta autonomia-erkidegoekin egin behar dituen hitzarmenak izenpetzeko baimena ematen du; interes publikoko gaiei buruzko erakunde-adierazpenak ere onesten ditu. Osoko Bilkuran erabiltzen da Gobernuaren jarduna kontrolatzeko ahalmena, mozioak eztabaidatuz, eta jabeldurak eta galderak eginez. Osoko Bilkurak Nafarroako Gobernuko Lehendakaria ere aukeratzen du. Parlamentuko jardueraren eginkizun garrantzizkoenak gorde zaizkio Legebiltzarreko Osoko Bilkurari, funtsean.

subir

 

Mahaia

Mahaia da Parlamentuaren gainerako organoen lana zuzentzeko ardura duen organoa; eztabaidatzeko aurkezten diren gaiei tramitazioa onesteko ardura ere badu, Parlamentuaren jardunaren ohiko administrazioa eramateaz gain. Legebiltzarra ekitaldi ofizialetan ordezkatzea ere Mahaiari dagokio.

Parlamenturako hauteskundeak egin ondoren, Parlamentua eratzeko egiten den lehen bilkuran hautatzen da Legebiltzarreko Mahaia. Parlamentuko lehendakariak, bi lehendakariordek eta bi idazkarik osatuko dute Mahaia.

Lehendakariak Legebiltzarra ordezkatzen du, Parlamentuko lanen nondik norakoa begiratzen du eta erregelamendua betearazteko ahalmena du, bai eta, zalantzarik izanez gero, hura interpretatzeko ere. Foru parlamentarien artean hautatzen da, erabateko gehiengoz, lehen bozketan; erabateko gehiengorik ezean, bigarren bozketa eginen da, eta lehen bozketan boto gehien lortu duten bi parlamentariak baino ez dira hautagai izanen: boto gehien ateratzen duena izanen da Lehendakaria.

Lehen eta Bigarren Lehendakariordeek Lehendakaria ordezten dute, hurrenkera horren arabera, Lehendakaria ez dagoenetan edo Lehendakaritza hutsik geratuz gero. Lehen eta Bigarren Idazkariak Lehendakariaren urgazle dira bilkuretan eta Parlamentuko lanetan.
 

 subir

 

Eledunen Batzarra

Eledunen Batzarra, zuzendaritza-organo izateaz gain, Legebiltzarreko Mahaiaren urgazle ere bada. Parlamentu-talde bakoitzeko eledunak daude Eledunen Batzarrean, eta Parlamentuko lanen eta gaien tramitazioari buruzko iritzi politikoa sortzen parte hartzen dute. Boto ponderatuaren sistema erabiltzen dute Eledunen Batzarraren erabakiak hartzeko; alegia, talde bakoitzak zenbat parlamentari, hainbat boto izanen ditu talde bakoitzeko Eledunak. Eledunen Batzarrak Legebiltzarreko aurrekontuak eta kontuak onesten ditu, eta adierazpen instituzionalak egiteko ahalmena ere badu, beste eginkizun batzuen artean.

subir

 

Batzorde Iraunkorra

Nafarroako Parlamentuari dagozkion eginkizunak begiratzen ditu Batzorde Iraunkorrak, Nafarroako Parlamentua bilduta ez dagoenetan; alegia, bi bilkuraldiren artean (urtarrilean, eta uztail-abuztuan), eta hauteskundeetarako deia egitearen ondorioz Legebiltzarra desegiten denean. Erakundearen iraupena eta haren eginkizunak betetzea bermatzen du uneoro. Ohiz kanpoko eta premiazko beharrak justifikatzen ditu Batzorde Iraunkorraren jarduerak.

Nafarroako Parlamentuko Lehendakaria da Batzorde Iraunkorreko burua, ahotsarekin baina botorik gabe. Mahaikideak eta Eledunen Batzarreko kideak ere Batzorde Iraunkorrean sartzen dira. Batzorde Iraunkorrak boto ponderatua erabiltzen du erabakiak hartzeko (parlamentu-talde batek zenbat kide, hainbat boto talde horren eledunak).

subir

 

Batzordeak: arrunta, bereziak

Gaika edo gobernu-alorka espezializaturiko organoak dira Batzordeak, eta Legebiltzarraren osaeraren isla txikia eta proportzionala dira. Haien funtsezko eginkizuna honakoa da: lege proiektu eta proposamenak lehen irakurketan aztertzea, eta onetsitako zuzenketen arabera aldatzea. Batzorde-lanetik ateratzen den testuari irizpen deritzo, eta Legebiltzarreko Osoko Bilkurak berriz aztertu behar du.

Gobernua ere kontrolatzen dute, ahozko galderak eta mozioak tramitatuz eta informazio-bilkuren bidez, non Gobernuko kideren bat agertzea eskatzen baita.

Hona Nafarroako Parlamentuko batzorde arruntak:

* Batzorde bakoitzeko kideak ikusi nahi badituzu, sakatu batzorde bakoitzaren izena.

Goian aipatuez beste batzorde batzuk ere sor ditzake Osoko Bilkurak, baita gai zehatzak aztertzeko batzorde bereziak ere: ezarri zaien eginkizuna bukatutakoan desegiten dira azken horiek. Horretaz gain, ikerketa-batzordeak ere sor ditzake Parlamentuko Osoko Bilkurak, interes publikoko edozein gai aztertzeko.

Comisiones Especiales:

 subir